SORBURU. BIDEAN DIREN KALEKO LANEN VII. ERAKUSKETA TXOTENAGUNEA PLAZARA ITZULIKO DA

Share

Datorren ostegunean, apirilak 16, 3 konpainiak beren sorkuntza prozesuan dauden kaleko ikuskizunak erakutsiko dizkigute, feedbacka, ikusleen eta artisten arteko topaketa, mahai-ingurua eta mokadutxoak barne hartuko dituen saio batean. Jarduera zabalik egongo da egun horretan Artekaleko egoitzako plaza estalira hurbildu nahi duten guztientzat, Otxarkoagako Txotena kaleko 21. zenbakian, Bilbon.

Aurten, SORBURUk, Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak antolatutako Kaleko Arteen sorkuntza eszenikoari laguntzeko programak, 2026ko deialdira aurkeztu diren 15 lanetatik 3 LAN ARTISTIKO PROZESUAN erakutsiko ditu.

Aurten, hauek izan dira hautatutako proposamenak: ‘Rupturas- Austurak’ Bea Larrañaga – Artista, ‘Kodizia Late Night’ Barsanti Konpainiarena, eta Helena Wilhelmssonen ‘Trembling Frequencies’. Arratsaldean zehar Clown, Antzerkia edo Dantza bezalako disziplinez gozatuko dugu.

Apirilaren 16an, osteguna, aurkeztuko dituzten ikuskizunak sorkuntza eta garapen-fase desberdinetan egongo dira. Hori dela eta, ikusleek beren galdera, zalantza edo feedbacken bidez parte hartzea oso garrantzitsua da konpainientzat. Erakusketak eta feedbackak konpainiei beren lana probatzeko eta publikoarengana zer iristen den jakiteko aukera ematen die, eta informazio hori prozesua amaitzeko erabil dezakete. Horregatik, ikusleen eta artisten arteko topaketa oso tresna baliotsua da, bi aldeak aberasten dituena.

Baina feedbackaz gain, aurkeztutako hiru proiektuek astebeteko iraupena duten bi egoitza, aukeratzen duten profesionalarekin mentoretzako edo kanpo begiradako bi saio, Artekaleko idazkaritzako langileekin egindako beste bi mentoretza saio eta ikuskizuna ekoizteko 1.500 euroko laguntza jasoko dituzte. Aurten Korrala Sormen Guneak, Mama Espacio Creativok eta Dantzaguneak hartuko dituzte konpainiak.

Izan ere, SORBURUk profesionalen arteko topaketa izan nahi du, non proiektuei buruz hitz egin ahal izango den ikuspegi artistiko batetik, lankidetza berriak bilatzeko leku bat… baina, batez ere, ideiak, gogoetak eta ezagutzak partekatzeko espazio bat.

Eta publiko eta/edo artista gisa hazten eta ikasten jarraitu ahal izateko, eta erakusketa jardueraren aperitibo gisa, programak mahai inguru bat proposatzen du aurten, ‘PARTE HARTZEN DUTEN ROL DESBERDINETATIK BITARTEKARITZARI BEGIRADA’ izenburupean. Bertan parte hartuko dute Pedagías Invisibles erakundeko Carmen Oviedok (bitartekaritzaren roletik hitz egingo duena), Hortzmuga konpainiako Nerea Lorentek (sorkuntzaren roletik) eta Muxikebarriko Xabi Payak (erakundetik).

Bitartekaritza artistikoa denon ahotan dago, badirudi arazo kultural guztien konponbidea dela, baina prest al gaude horri aurre egiteko? Nahikoa baliabide al dugu horretarako? Mahai honetan bitartekaritzaren alderdiak argitzen saiatuko gara, bitartekaritza posible egiten duten roletatik abiatuta, zer behar dugun, zeintzuk diren helburuak eta zein zailtasunekin gauden.

Bukatzeko, 20:30ean, mokadu batekin amaituko dugu jardunaldia, artisten arteko topaketarekin jarraitzeko, modu lasaiago eta informalagoan. Zerbait esateko gogoz geratu zara? Zerbait galdetzeko gogoz? Zerbait aipatzeko? Norbaitekin topo egiteko? Hau da horretarako espazioa.

Animatzen zara SORBURUra hurbiltzera eta publiko gisa kolaboratzera?

Aforoaren berri izateko izena eman behar duzu, oso erraza da, hemen egin dezakezu apirilaren 13ra arte.

Zain gaituzu!

Publikoa izateak axola du!

EGITARAUA

15:30 Ongietorri kafea.

16:00 MAHAI-INGURUA ‘Parte hartzen duten rol desberdinetatik bitartekaritzari begirada “

18:00 SORBURU. Piezak erakusketa.

* ‘Rupturas- Austurak “Bea Larrañaga – Artista

* ‘Kodizia Late Night ‘, Cía. Barsanti

* ‘Trembling Frequencies ‘, Helena Wilhelmssonena.

19:30 Konpainien eta publikoaren arteko feedback saioa

20:30 Agurra eta mokadutxoa